Artelanean intimitatea islatzea artista garaikideen apustuetako bat izan da hirurogeiko hamarkadatik. Perspektiba feministatik, esparru pribatua aldarrikapen publikoko gai bihurtzen da, eta argazki kamera horren berri emateko bitarteko hobezina da. Gai horiek garatzen diren aldi berean, ahots kritiko batzuek auzitan jartzen dute arteak mota horretako esperientziak transmititzeko duen gaitasuna.
Alde batetik, emakume pasiboaren ikusmoldea alderantzikatzen du, eta figura maskulinoa bere egunerokotasunaren esparruan irudikatzen du. Skype bidezko elkarrizketa baten pantaila-argazki bat erakusten duen argi-kutxari esker, hurbilketa bat egin ahal da kontestu intimoaren –bikotekidea, ohean etzanda– hurbiltasunaren eta komunikazio-tresna horren distantzia intrintsekoaren arteko dualtasunera.
Beste alde batetik, distantzia hori hautsiz, Goñi benetako hurbilketaren beharrizana erakusten saiatzen da. Hala, eskua sinbolo gisa hautatzen du, intimoa izan nahi duen edozein harremanetan beharrezkoa den zentzumen-esperientzia irudikatzeko. Keinu txiki batez, aurretiaz ezarritako urruntasuna haustea eta urruntasun hori auzitan jartzea lortzen du. Hala, abiadura bortitza ezaugarri duten gaur egungo harremanen hauskortasuna eta ezegonkortasuna gogora ekartzen dizkigu. Hori guztia bideotan ikusi ahal da, serigrafietan agertzen diren testuetan -“BABE, BABE, BABE….. Baby I´m gonna leave you” y “NEVER, NEVER, NEVER…… Never Gonna Leave You Baby”- eta gorputz zaurgarrien eta beren buruari eusteko eta irauteko adabakiak behar dituzten ibilgailuen argazkietan; hain zuzen ere, hausteko posibilitate etengabea gogora datorkigu; bizitako etapa guztietan lagun dugun arren gaztaroan argi eta garbi agertzen den hausteko posibilitatea.
Tourniquet erakusketan intimitatea hitzaren esangura etimologikoa azaltzen da, intimidazioarekin eta, hala, ikararekin harremanetan jartzen duen esangura. Itxuraz familiarra eta segurua den horrek, eta bestearekiko loturaren beharrizanak bete gabeko iguripenak sorraraz ditzakete, eta subjektuarengan ezinegona eta nolabaiteko zatiketa agerrarazi. Ideia horren indargarria egileak berak dakar, irudietako batean egiten duen hausturarekin: irudi horretan, bikote bat fisikoki banatzen du.
Diziplina anitzeko lan baten bitartez, Goñik harremanen hurbiltasunaren eta urruntasunaren arteko dikotomia erakusten du. Argazkitik abiatuta hunkitzeko moduari buruz berriz hausnartzen saiatzen da erakusketa hau; hala, intimoa dena islatzen du, baita intimoa den horrek afektiboa denarekin duen halabeharrezko lotura ere. Egileak ez du ezartzen hari biografiko pertsonalik; hala ere, norberaren esperientziaren gaietan sakontzea lortzen du, eta gai horiek agertoki unibertsalago batera lekualdatzen ditu, modu horretan ikuslearengandik hurbilago dagoen agertoki batera.