jakingarriak
Riot-a azal bizian

Julia Morandeira Arrizabalagak idatzita

 

“This is moshing in New York City. Young people out on the floor. Tell me how close we are to a riot” (Hauxe da moshinga, New York Cityn. Gazteak zoruan botata. Noiz hasiko ote dira istiluak?). Phil Donahueren hitzak dira, Estatu Batuetako telebistako aurkezle ezagunarenak. 1994. urtea zen, eta saioko hizpideak pogoak, stage diving-a eta garai hartan metal-kontzertuetan zabaltzen ari ziren beste jokamolde batzuk ziren. Saio hartara metal eta grunge estetikako gazteak eta Marilyn Mansonen taldea gonbidatu zituzten. Aurkezlea galdezka hasi zitzaien, bai eta aurrean eserita zeuden ikusleak ere: biolentzia-salaketak, izu-hitzak eta ikara-soak; akusatuen aulkian, “gazteak” beren burua defendatzen. Halako jarrera-talkak ohikoak ziren The Phil Donahue Show saioan. Izan ere, ikusleek parte hartzen zuten lehen talk show-a izan zen; gai jakin baten inguruko eztabaida-saioak izaten ziren, eta sarritan ika-mika gogorrak sortzen ziren kontserbadoreen eta liberalen artean. Guztiz nabaria da nola saio haien egiturako osagai guztiak (gonbidatuak eta ikusleak aurrez aurre jarrita; gidoia; txaloak) xede baterako pentsatuta zeuden: bi talde sortzea eta arerio amorratuak bezala mokoka aritzea. Donahuek dio, hitzez hitz, pogoa infernua dela lur gainean, eta horren argigarri sudur odoleztatuak ikusten diren bideo lausoak erakusten ditu; gainera, gonbidatuak xaxatzen ditu indarkeriaren inguruan hein berean etorkor, sentsazionalista eta moralista diren galderak eginez.

Gehiago Irakurri >

Riot-a azal bizian

Julia Morandeira Arrizabalaga

“This is moshing in New York City. Young people out on the floor. Tell me how close we are to a riot” (Hauxe da moshinga, New York Cityn. Gazteak zoruan botata. Noiz hasiko ote dira istiluak?). Phil Donahueren hitzak dira, Estatu Batuetako telebistako aurkezle ezagunarenak. 1994. urtea zen, eta saioko hizpideak pogoak, stage diving-a eta garai hartan metal-kontzertuetan zabaltzen ari ziren beste jokamolde batzuk ziren. Saio hartara metal eta grunge estetikako gazteak eta Marilyn Mansonen taldea gonbidatu zituzten. Aurkezlea galdezka hasi zitzaien, bai eta aurrean eserita zeuden ikusleak ere: biolentzia-salaketak, izu-hitzak eta ikara-soak; akusatuen aulkian, “gazteak” beren burua defendatzen. Halako jarrera-talkak ohikoak ziren The Phil Donahue Show saioan. Izan ere, ikusleek parte hartzen zuten lehen talk show-a izan zen; gai jakin baten inguruko eztabaida-saioak izaten ziren, eta sarritan ika-mika gogorrak sortzen ziren kontserbadoreen eta liberalen artean. Guztiz nabaria da nola saio haien egiturako osagai guztiak (gonbidatuak eta ikusleak aurrez aurre jarrita; gidoia; txaloak) xede baterako pentsatuta zeuden: bi talde sortzea eta arerio amorratuak bezala mokoka aritzea. Donahuek dio, hitzez hitz, pogoa infernua dela lur gainean, eta horren argigarri sudur odoleztatuak ikusten diren bideo lausoak erakusten ditu; gainera, gonbidatuak xaxatzen ditu indarkeriaren inguruan hein berean etorkor, sentsazionalista eta moralista diren galderak eginez. Akusatuek beren burua defendatzen dute: esaten dute kontsumitzen duten kulturaren kontraesanei aurre egiteko moduak direla, antsietatea askatzeko eta erasokortasunean elkarrekin egoteko moduak; gainera, ba omen dago arreta ere: Batek dio: “If you fall, someone will come and pick you up. You are not alone” (Jausten bazara, baten batek jasotzen zaitu. Ez zaude bakarrik). Haien arabera badago modu bat talde jakin batekoa izateko: zoriontasunaren estandar liberalak, etengabeko adostasuna, gizartea arautzeko zaletasuna eta mindfulness plantak egiten dituen berekoikeria onartzen ez dituztenen taldekoa. Horren ordez elkarrekin egoteko modu hauskorra aldezten dute, ezinegonetik nahikoa daukana, une batean badena eta hurrengoa balitekeena ezerezean azkentzea. Elkarretara biltzeko modu honek berekin dakar onartzea norbera zaurgarri gerta daitekeela besteen aurrean: “If someone gets hurt in the process, then be it. It’s part of the territory” (Norbaitek zauriren bat jasaten badu, hala behar du. Horrelakoxea da gure kontua) aitortzen du beste batek.  Izan ere, onarpen horrek zaintza eta konfiantza eremua eratzen du, “forming a trust betwen them that can’t be formed in other places” (konfiantza sortzen da haien artean, beste inon sortu ezin dena). [Disclaimer: Ez da indarkeria inolako kritikarik gabe ontzat emanez goraipatzea, baizik eta elkarrekin bizitzeak dakartzan ondorioak onartzea, ezinbestekoa den bezala]. Hala ere, Donahuek adierazpen horiek gaitzesten ditu eta estereotipo naïf-ari ekiten dio: gazte axolagabeak dira, gaztea izatea beste hersturarik ez dutenak; klixe horrek eztabaidarako aukera guztiak zapuzten ditu eta bazterrera igortzen ditu gazteria galduta dagoela eta nihilista, bortizkeria zalea eta alienatua dela ez dioten ahots guztiak. Funtsean, gizarteratzeko modu bat bakarrik aldezten eta goraipatzen du, modu “ona”, gatazkarik sortzen ez duena. Nola egon gaitezke elkarrekin erasokortasunean, nola zaindu elkar bortizkerian?

 

Helena Goñik Tell me how close we are to a riot izenburua ezarri dio gai hauek guztiak ukitzen dituen erakusketari; egin ere, gaiok ukitu ez ezik, beste toki batera ere eramaten ditu. Pogoa egun argitan, Bilboko Arte Ederren Fakultatearen eraikinaren atzealdean. Bilboko Zazpi Kaleetako Iturribide kaleko taberna bateko komunaren erreprodukzioa; Vulk-en emanaldi batean artistaren estudioan egindako pintadez estalita dago, eta orain eskultura bihurtu da erakusketa-aretoan. AEBetako telebistako aurkezle baten mehatxu-esaldi iraingarria, erakusketaren izenburua. Kagadero taldeak eman zituen bi kontzertuetako baten posterra, hamar urte geroago zutabe baten azalera osoa estali arte berregina. Lau lerradura gertatu dira hemen, reenactment deritzonaren logikaren eskutik, gizarteratze erradikalaren laborategiak sortzeko, adiskidetze eta kidetasun sareak eratzeko, konspirazio bat antolatzeko. Pogoa, komuna, tatuajeak, txupak eta gainontzeko irudiak ez dira soilik inguruabar jakin baten, adiskide talde bateko kidetzaren eta hiri kultura baten berri ematen duten elementuak, estiloa eta nortasuna adierazten dituzten elementuak. Lerratuta eta nahasita, gizartearen aurreiritzien eta interpretazio sinplisten kontra egiten dute, eta denen artean intimotasuna eta adiskidetasuna islatzen dituzte, eta horiek dakarten iluntasuna ere bai. Stephano Harneyk eta Valentina Desiderik diote gizarteratze erradikalaren funtsa ez dela adiskidetasuna, ez maitasuna, ez begikotasuna, ez eta hiperkonektibitatea ez logistika ere. Esperimentua da, gure artean eta gure aurka egina beste batzuekin eta beste batzuentzat; gizarteratzeko modua (gizarteratzea bera bainoago) etengabean asmatzean datza, oinarrian gizartearen aurka egoteak dakarren arriskua harturik, elkarrekin konspiratzen ibili arren. Horixe da Helenaren argazkien xedea: asmatzea elkarri laguntzeko modu berriak, atezuan egonik adiskidetasuna sortzeko tresnak (tresna hauskorrak), euskarriak izanik ere babesgabezian uzten gaituztenak. Eta zaintza, ukimena eta kontaktua lantzen dituzten keinu asko. Horregatik ikusten da hainbat azal argazkietan, hainbat esku eta besarkada; eskuak elkarri atxikita, katea bezala, zutik egoteko; zangoak  han-hemenka, gurutzatuta; besoak laztanka, eta azal ugari, ukitzen eta ukitzen uzten. Forma horietan arlo kolektiboa eta arlo pertsonala nahasita eta kutsatuta agertzen dira, nolabaiteko oreka eratzen dutela gelaren erretratuaren intimotasunaren eta Bilboko paisaiaren zabaltasunaren artean. Forma hauetan lurralde berria marrazten da denok ulertzen dugun sentsibilitate batez baliatuz.

 

Gainera, erakusketa hau argazkigintza-esperimentazioko laborategia ere bada. Helenak denetariko formatuak eta teknikak erabiltzen ditu: bat-bateko argazkiak, argazki digitalak eta (batez ere) analogikoak, erretratu-enkoadraketa tradizionalak eta ez hain tradizionalak, txupaz eta blue-jeanez eratutako natura hilak, errepikatutako inprimaketak eta proba-kopiak. Jardunbide hau metagarria da nolabait, ia irenslea. Kasu honetan argazkiak hainbat ikasketa-prozesuren adierazgarri dira. Izan ere, agiritegia bezalakoa da, funtsean, eta bertan argazkilariak bere esplorazio teknikoa, hainbat adierazpideren arteko tirabirak eta berezko lengoaia baten berrespena erregistratzen ditu. Eta pentsatzekoa da esperimentazio pertsonalerako laborategia ere badela. Argazki hauek dokumentatzen nola aurkitu duen Helenak bere jaioterria eta nola elkartu den berriz ere bere adiskideekin Londresen urte bi eman ondoren; argazkien bidez egunean ipini ditu bere oroitzapenak eta bere nahiak: erraz ezagutzen dira serieetan eta urteetan zehar hazten ari diren adiskideak, bai eta itsasoko zeruertza eta Abrako kai-muturrak eta garabiak ere (Areetan jaio garenok egunero ikusi ohi duguna). Baina beste toki eta zaletasun batzuk ere islatzen dira, beste geografia bat. Onarpen adieraduna, kamerak ez baitu jasotzen argazkilariaren eta erretratatuaren arteko aurkakotasuna, baizik eta konplizitatea. Hemen kamerak eta begirakuneak beste gauza batzuk ere egiten dituzte: ukitu, laztandu, haztatu eta ezagutu egiten dute argazkiaren azaletik, begira eta jagoten ari den begitik. Argazkigintza, beraz, sentsorea da, eta bere ingurunera estetizatuta dago; bere zentzumen-gaitasunari esker inguruneko harremanak eta eraginak detektatzen eta erregistratzen ditu, eta erantzun egiten du. Gaur egun sentsibilitatea erabat hondatuta dago bizitzaren prekarizazio orokorraren ondorioz; bada, egoera honetan, sentsibilitatea suspertuko duten irudi berriak eta gizarteratzeko modu erradikala proposatzen duten formak asmatzea guda politikoa da. Riot-a azal bizian.

Tourniquet

Érika Goyarrola Olanok idatzita

 

Artelanean intimitatea islatzea artista garaikideen apustuetako bat izan da hirurogeiko hamarkadatik. Perspektiba feministatik, esparru pribatua aldarrikapen publikoko gai bihurtzen da, eta argazki kamera horren berri emateko bitarteko hobezina da. Gai horiek garatzen diren aldi berean, ahots kritiko batzuek auzitan jartzen dute arteak mota horretako esperientziak transmititzeko duen gaitasuna.

Helena Goñiren Tourniquet erakusketak intimitate espazioetara egindako beste hurbilketa bat sorrarazten du. Gaur egungo gizarteak itxurazko egunerokotasunaren barruan irudi bortxatuki pertsonala sortzeko premia garatu du. Sasoi hauetan harreman digitalak nagusi dira, harreman fisikoen gainetik; egoera horretan, artistak auzitan jartzen ditu gai horren inguruan gailentzen diren ereduak.

 

Gehiago Irakurri >

Tourniquet

Érika Goyarrola Olano

 

Artelanean intimitatea islatzea artista garaikideen apustuetako bat izan da hirurogeiko hamarkadatik. Perspektiba feministatik, esparru pribatua aldarrikapen publikoko gai bihurtzen da, eta argazki kamera horren berri emateko bitarteko hobezina da. Gai horiek garatzen diren aldi berean, ahots kritiko batzuek auzitan jartzen dute arteak mota horretako esperientziak transmititzeko duen gaitasuna.

Helena Goñiren Tourniquet erakusketak intimitate espazioetara egindako beste hurbilketa bat sorrarazten du. Gaur egungo gizarteak itxurazko egunerokotasunaren barruan irudi bortxatuki pertsonala sortzeko premia garatu du. Sasoi hauetan harreman digitalak nagusi dira, harreman fisikoen gainetik; egoera horretan, artistak auzitan jartzen ditu gai horren inguruan gailentzen diren ereduak.

Alde batetik, emakume pasiboaren ikusmoldea alderantzikatzen du, eta figura maskulinoa bere egunerokotasunaren esparruan irudikatzen du. Skype bidezko elkarrizketa baten pantaila-argazki bat erakusten duen argi-kutxari esker, hurbilketa bat egin ahal da kontestu intimoaren –bikotekidea, ohean etzanda– hurbiltasunaren eta komunikazio-tresna horren distantzia intrintsekoaren arteko dualtasunera.

Beste alde batetik, distantzia hori hautsiz, Goñi benetako hurbilketaren beharrizana erakusten saiatzen da. Hala, eskua sinbolo gisa hautatzen du, intimoa izan nahi duen edozein harremanetan beharrezkoa den zentzumen-esperientzia irudikatzeko. Keinu txiki batez, aurretiaz ezarritako urruntasuna haustea eta urruntasun hori auzitan jartzea lortzen du. Hala, abiadura bortitza ezaugarri duten gaur egungo harremanen hauskortasuna eta ezegonkortasuna gogora ekartzen dizkigu. Hori guztia bideotan ikusi ahal da, serigrafietan agertzen diren testuetan -“BABE, BABE, BABE….. Baby I´m gonna leave you” y “NEVER, NEVER, NEVER…… Never Gonna Leave You Baby”- eta gorputz zaurgarrien eta beren buruari eusteko eta irauteko adabakiak behar dituzten ibilgailuen argazkietan; hain zuzen ere, hausteko posibilitate etengabea gogora datorkigu; bizitako etapa guztietan lagun dugun arren gaztaroan argi eta garbi agertzen den hausteko posibilitatea.

Tourniquet erakusketan intimitatea hitzaren esangura etimologikoa azaltzen da, intimidazioarekin eta, hala, ikararekin harremanetan jartzen duen esangura. Itxuraz familiarra eta segurua den horrek, eta bestearekiko loturaren beharrizanak bete gabeko iguripenak sorraraz ditzakete, eta subjektuarengan ezinegona eta nolabaiteko zatiketa agerrarazi. Ideia horren indargarria egileak berak dakar, irudietako batean egiten duen hausturarekin:  irudi horretan, bikote bat fisikoki banatzen du.

Diziplina anitzeko lan baten bitartez, Goñik harremanen hurbiltasunaren eta urruntasunaren arteko dikotomia erakusten du. Argazkitik abiatuta hunkitzeko moduari buruz berriz hausnartzen saiatzen da erakusketa hau; hala, intimoa dena islatzen du, baita intimoa den horrek afektiboa denarekin duen halabeharrezko lotura ere. Egileak ez du ezartzen hari biografiko pertsonalik; hala ere, norberaren esperientziaren gaietan sakontzea lortzen du, eta gai horiek agertoki unibertsalago batera lekualdatzen ditu, modu horretan ikuslearengandik hurbilago dagoen agertoki batera.

 

Haren atzetik joan nintzen, eskudelari helduta. Haizeak zorabiatu egiten ninduen; boladen indarraz kanpai-dorrea kulunkan zegoela sentitzen nuen; hankak bizirik gabe antzera neuzkan; belauniko nenbilen gora, baita ahuspez ere, begiak ixten nituen; espazioaren gaitza jasaten ari nintzen.

Azkenik, osaba nire lepotik tiraka nuela, zinborioaren gain-gainean dagoen esferaren ingurura heldu nintzen.

– Begira! –Esan zidan irakasleak–, eta ongi begiratu! Amildegi-lezioak nahitaez hartu behar dira.

Lurraren Bihotzeraino, Julio Verne

 

 

 

 

Helena Goñi (Bilbo, 1990)

Arte Ederretan lizentziatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean. Ikasketak egiten jarraitzeko Londresera joan zen, eta han Central Saint Martins-en Argazkigintza Masterra egin zuen. 2015eko ekainean graduatu ostean, lehenengo banakako erakusketa urte hartako urrian egin zuen, Cosmos galerian (Bilbo). Bertan  Tourniquet proiektua aurkeztu zuen. 2015eko urritik 2016ko ekainera bitartean Behind blue eye proiektua landu zuen, Bizkaiko Foru Aldundiaren  Arte Bisualen bekari esker. Género y Figura lehiaketaren lehen deialdia irabazi ondoren, proiektu horrekin argazki-liburua argitaratu zuen.

Hainbat sari jaso ditu, adibidez 2016ko eta 2018ko Ertibilen, Barakaldo Foto Festivalen eta 2016ko GetxoArten. Bere lanak erakusketa kolektiboetan agertu dira hainbat herrialdetan, adibidez Alemanian, Maltan, Erresuma Batuan, Suitzan eta Espainian. 2017ko urtarriletik martxora bitartean bigarren banakako erakusketa egin zuen. Erakusketa hartan Tell me how close we are to a riot aurkeztu zuen Bilboko Rekalde aretoan, Barriek programaren barruan. Bere lanak bilduma pribatuen esku daude, baita bilduma publikoen esku ere; azken horietako bi dira Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoa (Artium) edo Bilboko Argazkigintza Garaikideko Zentroa.

Bere lana argazkiek osatzen dute batik bat, baina musikaren eragin nabarmena dauka; hain zuzen ere, musika lanaren zati izatera heltzen da, eta horrekin batera beste dispositibo batzuk ere agertzen dira, esaterako bideoa, serigrafia eta abar. Bere inguruko gauzetatik abiatuta egiten du lan, bere esperientzian arreta berezia jarrita, eta bitarteko gisa iguripenak, porrota, utopia edo beste norbanakoarekiko topaketa hartuta.